Grabaketa I: Trena, lehen zatia

Grabaketa eguna iritsi da azkenean. Urduritasuna nabari da, guztiak korrika gabiltza alde batetik bestera eta bidean zenbait gauza ahaztu ditugu...baina guztiak prest ginen trena eta aktorea iritsi direnerako. Trenean grabatzeko baimena eta tiketak jaso ondoren, estazioan aktorearekin elkartu gara, jantzi eta grabaketaren nondik norakoak pixka bat zehazteko trena abiatu aurretik.


Martxan jarri aurretik emakume bat gerturatu zaigu grabatzeko baimena eskatzera baina trenak alde egin behar zuen eta ia ateak harrapatu du gure polizia partikularra. Bazirudien ez zigula arazo gehiago emango baina hortik bost minutura megafonoak ohartarazi gaitu trenean grabatzea debekatuta dagoela eta baimenik gabe bageunden ezin izango genuela grabatzen jarraitu. Zorionez baimena hantxe zegoen eta ez digu arazorik eman.


Makilatu, guztia prestatu eta grabatzen hasi gara. Lan plana ondo betetzen ari ginen eta guztia primeran zihoan. Aktorearekin tomak ez ditugu ia errepikatu behar izan eta denboraz primeran gindoazen berriz ere megafoniatik hitz egiten hasi zaizkigunean: “Donostiara zoazten bidaiariek tren aldaketa egin beharko duzue Durangon” Erreakziorik ez. Bata besteari begira, bagoian antolatutako kanpamendu inprobisatua minutu batean nola jasoko genuen pentsatuz eta gure “arazodunen” naturara bat-batean itzuliz. Trenak arazo mekaniko bat izan du. Ondoegi zihoan guztia.


Trenez aldatu dugu eta nola ez, trena ez zen lokalizazioak egiterakoan erabili genuena eta grabatutako lehen zatiaren berdina. Beste tren mota bat zen eta beraz gure plan guztiak aldatu behar izan ditugu, planoen erdiak ezin zirelako egin eta tira, trenak beste itxura bat duelako. Ez dakigu zer egingo dugun aurretik grabatutakoarekin, tren aldaketa bat inprobisatu beharko dugu gidoian edo antzeko beste irtenbideren bat bilatu baina grabaketarekin gaur amaitu behar zen. Beraz, lan plana hartu eta hor zegoenarekin jarraitu dugu.


Hasierako desesperazioa pasata, antolatu gara berriro ere gure kanpamendu berria montatu ondoren eta lan planarekin jarraitu dugu. Ondo goaz denboraz beraz, dena grabatutakoan aurreko trenean grabatutako planoak berriro grabatu ditugu badaezpada ere.


Trena atzerapen pixka batekin iritsi da Donostiara eta ez digu zigarrotxo bat erretzeko denborarik ere eman baina tira, nikotina mini dosi bat hartu dugu behintzat. Itzulerako zatia beste post batean!

0 Responses