Grabaketa II: Trena, bigarren zatia
Donostian gure laburreko protagonista femeninoa jaso dugu eta trena martxan jarri denean itzulerako bidaiarako prestatutako lan plana grabatzen hasi gara. Oraingoan askoz jende gehiago dago trenean eta zailagoa da tripodea pasillo erdian jarri eta nahi dugun moduan alde batetik bestera ibiltzea jendea molestatu gabe. Gainera ez dakit zer gertatzen zaien gurekin, baina guztiak guri begira daude, pena argazki kamerarik eskuan ez izatea.

Eguzkia bestaldean da orain eta horrek arazoak ekarriko dituelakoan gaude..baina tira, arriskatu beharko, ez baitugu beste aukerarik. Erreflektorearekin jokatu behar izan dugu zenbaitetan arazoa ahal genuen bezala konpontzeko.

Komuna ez zegoela eta treneko jubilatuekin batera treneko neskaren aurka motin txiki bat antolatu ostean lan plana berreskuratu dugu eta bide erdirako ia amaituta zeuden egin beharreko planoak. Orain badaezpadako beste mila plano grabatu eta Lemoan amaiera grabatzea baina ez da geratzen.

Lemoara iritsitakoan guztiak prest. Denok kameraren aurretik atera behar dugu planoan ez agertzeko, kamera tripodean jarrita eta grabatzen hasteko prest eta protagonistetako bakoitza ate batetik jaisteko prest, trenak minutu erdi baino ez baitu geratzen ateak itxi eta alde egin aurretik. Badirudi nahiko ondo atera dela planoa. Uff...ez genuen konfiantza askorik plano honetan baina azkenean denbora eman du.

Hurrengo trena 10 minutu beranduago iritsi da eta berriro ere aktoreak barrura sartu behar izan dute irteera eta estazioko planoak grabatzeko. Estazio honetan egon garen guztietan, behar genituen tren guztiak ezkerreko andenean geratu dira eta beraz, aktoreak eta kamera hantxe zeuden prestatuta trena iritsi bezain pronto amaiera grabatzen hasteko. Oraingoan ere gauzak okertu behar zuten eta trenak, errailez aldatu eta eskuineko andenean sartzen hasi da beraz, 10 segundotan, kamara eta aktoreek korrika euren posizioa aldatu behar izan dute. Azkenean anekdota hutsean geratu da eta ez dugu aparteko arazorik izan planoa hartzeko garaian.

Ordu erdi izan dugu hurrengo trena iritsi aurretik eta hemen euren arteko elkarrizketa grabatu dugu. Euskaraz eta gazteleraz grabatu ditugu ondoren off ahotsa bi hizkuntzatan grabatu eta laburra ere bi hizkuntzatan izateko eta justu-justu eman digu denbora guztia grabatzeko baina trena iritsi aurretik azken planoa grabatzeko prest geunden eta gure kanpamendua jasota genuen jada, gero hiru minutu baino ez genituelako etxerako trena hartzeko.

Bi aldiz egon gara Lemoako estazioan probak egiten eta guztietan trenek goitik pasatzen den “zubia” baino lehenago geratu dute beraz, guk aktoreak ere hantxe kokatu ditugu, kamera zubitik plano orokorra hartzeko prest eta beste kamera behealdean beste hartze bat egiteko. Ba gaurkoan ez. Gaurkoan trena motzagoa zen eta aurrerago geratu du beraz, aktoreek trena nola euren albotik pasatzen zen ikusi dute eta bere atzetik atera dira, atea behar baitzuten. Bitartean, goran kokatutako kamerak aho zabalik ikusten zuen nola trena eta aktoreek ihes egiten zuten. Korrika, kamera hartu eta zubiaren beste aldera begira kokatu dugu aktoreak goitik hartzeko. Ez da gure amaiera bezala geratu baina ez dago ezer egiterik, bi minututan trena dator eta etxera joateko garaia da. Pentsatuko dugu editaian nola konpondu amaiera hori.

Arazoak arazo, egina dago eta irudiak ondo geratu direla uste dugu. Bihar ikusi beharko baina lasai gaude jada. Amaitu da gehien kostatuko zaigun grabaketa eta tira, Coppolak ere izan zituen bere arazoak eta azkenean atera zuen filma. Beraz, ez gara arazoak dauzkagun bakarrak. Hala ere aholku bat, ahal baduzue ez grabatu tren batean edo antzeko batean eta kontrolatzen errazak diren tokietan grabatzen saiatu!

Hori bai, making of grazioso bat atera liteke guzti honetatik...
0 Responses